Udako Kultur Aisialdia

8-12 urte bitarteko haurrak kulturzaletzeko asmoz Garoak martxan jarri duen proiektu berria da Udako Kultur Aisialdia. Uztailean eta abuztuan, aisialdi talde bana sortuko dugu Zarautzen eta Donostian. Bietan ala bietan, hamar eguneko lau txanda antolatuko ditugu, eta haur bakoitzak nahi adina txandetan eman ahal izango du izena.

Udako Kultur Aisialdian haurrak harremanetan jarriko dira musika, argazkigintza, literatura, antzerkia eta beste hainbat kultur diziplinarekin, beti ere horiek kalera bideratuz, eta herritarrekin hartuemanean jarriz. Azken batean, hartueman hori bera baita kultura, zentzurik zabalenean.

Aisialdi talde hauetan ez gara konformatzen haurrei kultur erreferentziak emate hutsarekin, haurrak beraiek jarri nahi ditugu kultura sortzen. Sormena sustatzea nahi dugu. Udaleku hauetan, haurrek hainbat gaitasun garatuko dituzte:

  • Musika sormena, txanda osoan zehar kantu bat konposatuz eta grabatuz.
  • Argazkigintza, txandaren amaieran argazki erakusketa bat antolatuz.
  • Eskulagintza, material birziklatuekin musika instrumentuak sortuz eta erabiliz.
  • Talde lana, taldean istorioak idatziz eta ondoren horiek antzeztuz.
  • Belaunaldiartekotasuna, lehengo jolas eta ohitura zaharrak berreskuratuz.
  • Irudimena, jolas berriak sortuz.
  • Marrazketa, muralak, serigrafiak eta bestelako irudiak eginez.